Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Emakumeak

Adaptive Path miresgarriari esker jakin nuenez, aste honetan, Ada Lovelace eguna ospatu zen, teknologian dabiltzan emakumeak omentzen dituen eguna. Egia da teknologiaren munduan, gizonezkoak nagusi direla -oso nagusi esago nuke-, eta nik ere nabaritzen dut, nire inguruan sekula baino mutil gehiago dagoela -baina ez dut batere ligatzen, ez uste-. Eta giroa zenbat eta teknikoagoa izan, are eta mutil gehiago topatzen dudala bidean. Gauza teknopatiko hauetan gabiltzanen bilkuretan, gehienetan neska bakarra naiz (tira, Mirenek laguntzen ez badit behintzat).

Ez nuke esango mundu matxista denik. Zerbait kontatuko dizuet. Nire lehenengo lan ez ordainduetako bat, Donostiako irrati txatxu lokal batean izan zen. Kiroletan. Txikitatik izan naiz futbolzalea eta partida asko ikusi ditut nire bizitzan zehar. Ez Realarenak bakarrik, edozein gauza ikusteko gai naiz. Futbola maite dut estrategia, indarra eta talentua nahasten dituen einean. Eta futbola ikusten ikasi dut denboran zehar. Zertxobait badakit. Ez, ez didazu jokoz kanpokoa azaldu behar. Baina irrati hartan nire iritziak ez zuen berdina balio. Eta emakume izateagatik da, ez dut zalantzarik, beste bateren ahotan iritziak sekulako balioa zuelako. Hori bai dela mundu matxista.

Teknologian bestelako diskriminazioak daudela iruditzen zait. Badagoela sorbaldaren gainetik begiratzeko halako joera bat. Paternalismo eta elitismo puntu batekin. Denborarekin pasako zaigula espero dut. Baina matxismoa, matxismoa bere izaera osoan, nik ez dut nabaritu, zorionez. Eta nabaritzezkeotan, kontuz ibili daitezela. Eskarmentatua nago eta.

Zorionak teknologian dabiltzan emakume guztioi. Eta urte askotako.