Wabi-Sabi

Nork idatzia: ana m. · Noiz: 2012/01/22

enborra, ura, adarrak

Bi edertasun ideial ezagutzen ditut. Ziur gehiago daudela, baina nik bi ezagutzen ditut. Ez dit gehiagorako ematen. Ez begiak, ez bizitzak. Lehenengoa, jaio ginenetik erakutsi digutena, Greziatik datorrena, mendebaldeko kulturan nagusitu dena. Proportzioak zaintzen dituena. Formen arteko distantziak. Arrazionala da eta era berean, perfekzioaren bilaketa irrazional bat du. Eternitatearena. Naturan aurkitu ezin daitekeenarena. Eta honela osatu dugu gure zibilizazioaren historia. Ideiala hautsiz. Ideiala berreraikitzeko aukerak zabalduz. Akzioa-erreakzioa.

Ezagutzen dudan beste ideiala japoniarra da. Wabi-Sabi. Leonard Korenek, Wabi-Sabi: for Artists, Designers, Poets & Philosophers liburuan honela definitzen du, berez definizio zaila duena:

The aesthetic is sometimes described as one of beauty that is “imperfect, impermanent, and incomplete”.

Eta hori da. Eta ederra da benetan. Sinplea, errustikoa, bere inperfekzioan. Osatugabeko naturaltasunean. Ez du dialektarik planteatzen. Ez galderarik. Gertatu egiten da. Eta hil egiten da. Ez du hilezkortasuna bilatzen. Gertatzea. Izatea soilik.

Ederra da, bai. Ideial bat izanik, erreala.

First, we take Manhattan

Nork idatzia: ana m. · Noiz: 2011/12/31

Amaitzera doan 2011 hontan, REMek utzi gintuen (lehenago egin behar zuten zerbait nire iritziz, azkeneko diskak nahiko dekadenteak iruditzen baitzaizkit). Leonard Cohen-en abestiaren bertsio bat uzten dut hemen. Denboran galdu den omenaldi diska batean agertzen zen. Letra, barrenak astintzen dituen horietakoa da. Nerabezaroan inpaktatu samar utzi ninduen. Nerabe kabreatu bat nintzen, zer nahi duzu.

I’d really like to live beside you, baby
I love your body and your spirit and your clothes
But you see that line there moving through the station?
I told you, I told you, told you, I was one of those

Ahalik eta 2012 hoberena izan, lagunak.

Ispilu beltza

Nork idatzia: ana m. · Noiz: 2011/12/26

Black Mirror Arcade Fire-n kanta bat zen niretzat.
Orain, telesail bat ere bada.
Teknologiak ekarri dizkigun aldaketei buruz dela esaten dute hortik zehar aurki daitezkeen laburpen eta kritika gehienak. Ez dut uste horrela denik. Egia esan, teknologiak seriean duen papera bigarren mailakoa egiten zait (eta gidoiean akats teknikoren bat ere aurki daiteke, lizentzia dramatikoak, badakizu).
Black Mirror, ein handi batean, “La société du spectacle” trazak dituen hiru istorio independente dira.
Irreala eta sinesgarritasun gutxikoa. Eta hala ere, batzutan ahozabalik eta bestetan ezinegonean uzten zaitu. Ikuskizunak markaturiko gizarte baten kritika bat delako. Baina (eta hemen dator pirueta eta nire spoiler bakarra) ikuskizuna muturrera eraman duen aktoreetako batek ekoiztua.
Endemol.
Hori hala dela jakinik, azken garaiotan ikusitako gauzarik perbertsoena dela iruditu zait.
Eta perbertsioaz perbertsioz gozatu dudala onartzen dizut.