Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Urriko egun haiek

Egun haiek nolakoak izan ziren gogoratzerakoan, gogoratzen dut Lokarrik #konferentzia antolatu zuenekoa. Eta Blair, azkenean ez zela etorri, baina bai Kofi Annan. Eta Paul Riosek korbata jarri zuela. Eta Martin Garitanok ere bai. Eta orduan lehendakari zen Patxi Lopez, EEBBetan zela. Eta Egiguren asko haserretu zela horregatik. Gogoratzen dut ere, Argia aldizkariak oso kobertura ona eman ziola ekitaldiari. Eta argazki bat, Aieteko Bakearen Etxearen atearena, zabalik, parez-pare.

Zahartzaroak gastatu nau baina gogoratzen dut Alberto Moyanok sekulako post zoragarriak eskaini zizkigula bere El jukebox blogean (1, 2, 3). Eta Javier Vizcainoren urduritasunarekin heldu ginela 2011ko urriaren 20ko arratsalde hartara. ETAren komunikatuaren zain izan ginen (mundu guztia Gaddafiren heriotzari begira zegoen bitartean).

Eta iritsi zen. Bulegoan harrapatu ninduen. Ilunpean, ordenadorea itzali eta alde egitear nengoela. Twitter bidez izan zen (beti Twitter). Berriako lotura zen (baina onartu behar dut Argiaren twitta izan zela). Eta begiak busti zitzaizkidala oroitzen dut, pixka bat. Eta zerbait esan niola neure buruari. "Bukatu da. Sufrimendua. Zama". Bizikleta hartu nuen. Hotza egiten zuen kanpoan. Baina zer arraio, berdin zuen. Ez nuen etxera joateko asmorik. Zerbait edan nahi nuen.

Eta ez nintzen etxera joan. Unión Artesanara joan nintzen, Orsai aldizkariaren erosleekin biltzera. Ketari. Hans Brinker. Eta Idoia. Eta Iturri eta Loveof74 ere agertu ziren beranduago. Eta Txomin eta Belen. Leku bat dute nire memorian. Eta garagardoak edan genituela ere ez zait ahaztu. Eta barre egin genuela. Eta bokadiloak jan genituela. Eta barre egin genuela. Berriz. Pozik.

Eta bitartean, twittak, twittak, twittak,... herri hau hartzen ari zen lasaituaren hitzekin. Trending topic. Mundu osoan. Pentsa.

Biharamunean goiz esnatu nintzen (zer erremedio). Burukomin pixka batekin (dena esan beharra dago).

Biharamunak ez zuen ametsa zapuztu. Biharamunak ere ekarri zizkigun gauza ederrak. Moyano, berriz edo Ander Izagirreren istorio familiar hau, edo Vizcainoren esker ona. Eta Maite Goñiren eguneko hitza: bakea.

Nik ere esker onekoa izan nahi izan nuen orduan. Eta beti izan. Alde batetik, gatazkaren biktima guztiekin. Beraien eskuzabaltasunarengatik. Bestetik, hainbeste urtez egun hura heltzearen alde gogor lan egin zuten guztiekin. Beraien adoreagatik.

Haienak izan ziren 2011ko urriko egun haiek. Etorkizunekoak, gu guztionak izan zitezen.