Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Wabi-Sabi

enborra, ura, adarrak

Bi edertasun ideial ezagutzen ditut. Ziur gehiago daudela, baina nik bi ezagutzen ditut. Ez dit gehiagorako ematen. Ez begiak, ez bizitzak. Lehenengoa, jaio ginenetik erakutsi digutena, Greziatik datorrena, mendebaldeko kulturan nagusitu dena. Proportzioak zaintzen dituena. Formen arteko distantziak. Arrazionala da eta era berean, perfekzioaren bilaketa irrazional bat du. Eternitatearena. Naturan aurkitu ezin daitekeenarena. Eta honela osatu dugu gure zibilizazioaren historia. Ideiala hautsiz. Ideiala berreraikitzeko aukerak zabalduz. Akzioa-erreakzioa.

Ezagutzen dudan beste ideiala japoniarra da. Wabi-Sabi. Leonard Korenek, Wabi-Sabi: for Artists, Designers, Poets & Philosophers liburuan honela definitzen du, berez definizio zaila duena:

The aesthetic is sometimes described as one of beauty that is "imperfect, impermanent, and incomplete".

Eta hori da. Eta ederra da benetan. Sinplea, errustikoa, bere inperfekzioan. Osatugabeko naturaltasunean. Ez du dialektarik planteatzen. Ez galderarik. Gertatu egiten da. Eta hil egiten da. Ez du hilezkortasuna bilatzen. Gertatzea. Izatea soilik.

Ederra da, bai. Ideial bat izanik, erreala.