Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Urruzuno, etxe-atzeko sagastia

EGUNERAKETA PROBISIONALA, MODA JARRAITUZ, KONTRASTATU GABEA: Twitterren esan didatenez, lehiaketa ez da desagertuko, baina saria aldatuko omen da:

Lau eguneko egonaldi bat Euskal Herriko tokiren batean literatur sormena lantzeko euskal idazle batekin.

Hemendik aurrerakoak zentzua ote duen ala ez, zeuk erabaki. __________________

Duela aste pare bat edo heldu zitzaidan berria eta atzo Argiako Julen Gabiriaren artikulu honek konfirmatu zidan aurten behintzat (eta hainbat kasutan aurtengo neurriak ad infinitum luzatuko direlakoan nago) ez dela Urruzuno literatur lehiaketarik egongo.

Julen Gabiriak agertzen duen ikuspuntuari ez diot ezer gehituko (+1 bat, hori bai) eta alferrik da ni hemen argudioak errepikatzen ibiltzea.

Profanoentzat, Urruzuno literatur lehiaketa, batxillergoko ikasleei zuzendutakoa zen. Bi kategoria zituen: ipuina eta poesia. Eta bi maila, A eta B (irudimen gutxi izena jartzerakoan, bai). Eusko Jaurlaritzak antolatzen zuen eta saria Europako herrialderen batera eginiko bidaia bat, diru poltsa bat eta Sagastiberri izeneko bilduma batean lana argitaratzea izaten zen. Palmaresean Harkaitz Cano, Ander Izagirre, Uxue Apaolaza, Harkaitz Zubiri, Leire Bilbao, Urtzi Urrutikoetxea, Jon Benito eta beste hainbat eta hainbat izen aurki ditzakegu (batenbat, kuriosoa), bere bidea letretatik urruti egin dutenen aldamenean. Urte hauetan ereindakoaren (Urruzuno saririk ez dutenak barne) fruitu nahiko oparoak jasotzen ari garela iruditzen zait. Baina nire ideia da, ez egin kasu handiegirik ere.

Eta hala ere, Sautrela erakusleihoak harrikada jaso du. Eta hala ere, Urruzuno etxe-atzeko sagasti apal hori bota dute. Ondo goaz, beraz.

Talentuari buruz hitz egiteak erreparoa ematen dit. Lehiaketek (eta batez ere hezkuntza eta kultur arlokoek) bere baitan duten lehiaz hitz egiteak bezalaxe. Eta are gehiago, zein adinetaz ari garen kontuan hartuta. Baina agian beharrezkoa da. Arazoak dituenari laguntzea bezain beharrezkoa da, zerbait ondo egiten denean, modu egoki batean txalotzen jakitea. Ondo ala gaizki egitea berdin duenaren sentsazio hori gainditzeko bakarrik bada ere. Edo, bereziki nerabezaroaren urte "gogor" horietan, zerbaitetarako zeozer balio dutela sentiarazteko. Inolako konpromiso, motibazio, interes eta gogorik ez duen gazteei buruz kexu gara eta zer egiten dugu horretarako? Hezkuntza sistema kakao partidista bat bilakatu, betiko metodologiarekin jarraitu eta krisiaren izenean, kilika baten pizgailu izan zitekeen gauza gutxienetako bat amatatu. Ondo goaz, beraz.

Egia da Urruzuno sariak nahiko obszenoak zirela. Ez oraingo egoera ekonomikoaren testuinguruan bakarrik. Baina dena ala ezer ezaren artean badago gris eskala zabal bat eta badaude formulak. Irtenbidea bidaia xumetzetik, maila bakoitzeko saritu gutxiago izatera joan zitekeen. Internetek ematen dituen aukerak baliatu zitzaketen. Ez dena errotik moztu.

Lehiaketei buruz hitz egitean zaila suertatzen da irabazleen ikuspegitik ez egitea. Urruzunorako ez zuten irabazleek bakarrik idatzi. Ez zituzten beraiek bakarrik beren barrenak eta ilusioak lau foliotan hustu. Askoz ere gehiago izan ziren bidaiaz disfrutatu ez zutenak baina bai literatura egiten saiatzeaz. Horiek ere "urruzunotarrak" dira eta pena bat da ondare hori guztia galdu izana. Idazlan horiek guztiak, batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak, azken finean azken hamarkadetako kronika nerabeak, denbora eta espazioaren zakarrontzietan desagertzea pena da, bai. Hemen doa nire omenaldia. Eta baita zirikatzen ibili ziren hainbat iraskaleei egin nahi niekeena ere.

Hemendik aurrera, kronika horiek (kasu onenean) euskarako irakasleak bakarrik irakurri eta boligrafo gorriz zuzenduko duen derrigorreko marroi bat izango dira bakarrik. "Oso ongi" bat kurtsoko hirugarren ebaluazioan. Emaitza akademikoen arkadia izango da promesa bakarra. Ezer gehiago. Ezer haratago.

Euskal literaturaren etorkizunari begira, piztu ditzagun gure kandelatxoak kasu optimistenean gazte hauetakoren batek bere kabuz samuraiaren bidea egin dezan, interneten bere izena eraiki dezan eta egunen batean argitaletxe bati tinbrea jo eta bere folio pila Xabier Mendiguren edo Mikel Elorza baten mahai gainean utzi dezan, autokonfidantzaz gainezka, kontrakora bultzatzen duen mundu batetik albatros bat bezala ateraz. "Urruzuno baino lehen hala zen", esango dit norbaitek. Baina horrek ez du ideala definitzen.

Urruzuno sariak 1986ean banatu ziren lehenengo aldiz. 2011ean azkenekoz. Respect.

Bonus track: 2004ko bildumaren PDF bat aurkitu dut sarean.