Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Larrosa zuria

Duela egun batzuk Munichen izan nintzen. Hotza egiten zuen, elurra noizean behin, eta batzutan, etxeetako teilatuak nola zuritzen ziren ikusteko parada izan genuen. Municheko unibertsitatean ikusi daitezkeen larrosa zuriak bezala. Weisse Rose. 40. hamarkadan Hitlerren nazionalsozialismoari aurre egin zioten gazte haien istorioa kontatzea zaila da eta era berean, hunkigarria.

Municheko unibertsitateari egin genion bisitan Franz Müller jauna ezagutzeko aukera izan genuen. Sekulako zortea, hobeto esan. Umiltasun osoz gerturatu zitzaigun, gu bera nor zen ez geniekela. Minutu batzuk igaro ondoren jakin genuen: Franz Müller Larrosa Zuriko partaideetako bat izan zen, 18 urte zituela. Bost urterako espetxeratu zuten baina bi bakarrik igaro zituen nazien kartzela batean. Aliatuek atera zuten handik. Mugimendu bakezale honetako bere kideek ez zuten honelako zorterik izan: Scholl anaiak (Hans eta Sophie), Christoph Probst, Alexander Schmorell edo Willi Graf bezalako gazteei burua moztu zieten. Zergatik? Honelakoak zioten paskinak idazteagatik:

Guretzat eslogan bakarra dago: borroka dezagun alderdiaren aurka! Atera zaitezte zuen ahoa itxi nahi duten erakunde guztietatik! Atera zaitezte SS kide eta sarjentu eta alderdikide zurien hitzaldi aretoetatik! Bilatzen duguna benetako ikasketa eta iritzi askatasuna da. Ez dago beldur gaitzakeen mehatxurik, ezta gure goi mailako ikaskuntza erakundeen itxiera ere. Hau da gutako bakoitzaren etorkizunerako borroka, gure askatasuna, eta gure ohorea bere erantzukizunaz jabetzen den erregimen batean.

"Ikasle lagunak", Larrosa Zuriak banaturiko seigarren orritik hartua.

Gaur egun, Larrosa Zuriaren Fundazioak lanean jarraitzen du gazte hauen oroimena gordetzeko eta arrazakeria eta edozein motatako intolerantziaren aurka borrokatzeko. Beraien esanetan, "nolakoa izan zen?" galderatik, "zein esanahi du orain?" galderara pasa beharko genuke. Eta horretan dihardute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, bi gauza:

  1. Pelikula hau: Sophie Scholl, die letzen tage (gazteleraz, Los últimos días de Sophie Scholl).
  2. Webgune hau: The White Rose (ingelesez).
  3. Euskaraz topatu dudan gauza bakarrak honelakoak dira. Triste xamarra gurea bezalako herri batentzat.