Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Kaleko jendearen erretratuak

3673

Maiatzaren hasieran Valladolidera joan ginen taldetxo bat kongresu batera. Kasualitateak eta El País-en agertu zen artikulu batek hala nahi izan zutelako, bertan ireki berri zuten Vivian Maier argazkilariari eskainitako erakusketa batera gerturatu ginen. Bere istorio pertsonala hunkigarria da benetan. Urteetan zehar kaleko jende arruntari ateratako argazkiak, maisulanak. Asteak pasa dira eta oraindik ez naiz bere erretratu eta autoerretratuek sortutako liluratik atera.

Maierren argazki kolekzioaren parte batek New York du kokaleku. Eta kokaleku bera du orain dela aste batzuk Luistxo Fernandezen bidez ezagutu nuen Humans of New York proiektuak. Erretratu bat eta batzutan protagonistaren ahotik ateratako esaldi bat nahikoa zaio bere burua obsesibotzat duen Brandon deituriko egileari askoz ere gehiago iradokitzeko.

Denok ditugu gure obsesioak. Niri pilatu egiten zaizkit.

Normalean bizikletan noa lanera. Agian "nindoan" esan beharko nuke, azkeneko hilabeteetan egin duen eguraldiarekin ez baitut oso maiz egin. Ez nahi bezain maiz behintzat. Euria egiten duenean autobusa hartzen dut ("omnibusa" deitzen diot, ez dakit zergatik).

Donostia ez da New York, eta saiatua bai, baina oso txarra naiz argazkiak ateratzen.

Ez dakit zergatik egiten dudan. Bakardade eta misantropiari aurre egiteko akaso. Ezezagunak lagun egiteko. Emakume honekin hasi nintzela uste dut. Ordutik, ezin diot ahal dudan disimulu guztia pilatu eta autobusean topatzen ditudan aurpegi lanpetu, alai, nekatu, pentsakorrei argazkiak ateratzeari eutsi. Egunen batean, begiak altxa eta harrapatu egingo naute. Muturreko bat eman, merezita. Zer egingo diot, kaleko jendearen arruntasun eder hori badute. Begirunez begiratu eta momentu horiek nirekin eraman nahi baditut.

Argazkiak Flickr-era igota ditut, baina ez esan inori.