Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Simulakroa (2020ko iraila)

Beti pentsatu dut iraileko argia (udazkeneko argia) dela ederrena. Ez naiz bakarra. Behin baino gehiagotan entzun dut Donostia, adibidez, inoiz baino ederragoa dagoela irailean. Kontraste hutsagatik izan daiteke. Donostia, adibidez, inoiz baino jasangaitzagoa dagoelako abuztuan.

Ez naiz etxetik asko ateratzen den horietarikoa (nire amaren genetika indartsua da arlo honetan) eta egia esan, musukoarekin atera behar izateak are gehiago sartu nau nire oskolean. Horregatik ere, musukoarekin ordu t'erdiz egotean plazer gutxi aurkitzen dudalako, aurten ez naiz Zinemaldira gerturatu. Lehenengo aldia da ez dakit zenbat urtetan. Pena eman dit, Zinemaldia delako hiri honekin adiskidetzen nauen gauza apurretako bat. Beste batzuek erantzun diote deiari eta pozten nau, balditza hauetan ere, Zinemaldia erloju bat bezala funtzionatzen jarraitzen duen makina bat izan delako aurten. Edo hori irakurri dut behintzat.

Beldur naiz bizi beharrean, gauzak irakurri eta entzutera gehiegi ohitzen ari ote naizen. Bizitzeko modu bat da, bigarren eskukoa. Erosoa, ez dut esango ezetz.

Rafa Berrioren Simulacro kanta ederra etorri zait gogora. Espero dut hurrengo iraila heltzean, lehenengo pertsonan bizitzeari berriko ekiteko beranduegi ez izatea.