Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Paca La Piraña (2020ko azaroa)

Sarean Sevillako ezagun bat egin dut eta hark esan zidan: "Ana, Paca La Piraña". Veneno telesaila ikusteko asmoa nuen, hark ikusia zuen dagoeneko. Badakizue, 90eko hamarkadan Pepe Navarrok bere inguruan osatu zuen entourage-aren parte zen Cristina Ortiz, La Veneno, vedette transexualaren inguruko telesaila. Bere arrakasta izan du Espainian. Batere graziarik izan ez zuen garai baten nostalgikoentzat goxoki bat izan daiteke, garai hark zuen grazia eskasaz jabetzeko gaztetxoegiak ziren Los Javis bikoteak egina.

Aznarismoaren garaiko Late Night Showen Azpikultura hura bizi ez zuen Janet Mock egile trans aktibista estatubatuarra bezalako norbaitek honakoa esateak harritu nau, baina badira uste duguna baino unibertsalagoak diren istorioak eta istorioak kontatzeko modu lokalak. Suposatzen dut Almodóvarren pelikulei gertatzen zaiela hori ere. Telesail honek zuzendariari asko zor diolakoan nago. Aurreiritziak eta postiritziak alboratuta, merezi du ariketa sasi-erretrospektibo gisa. Nolabait.

La Venenoren bizitza jorratzen da 8 kapituluetan zehar, bai, baina... Paca La Piraña. Eta nor da Paca La Piraña? Muga batera heltzen den adiskide fidel, eskuzabal eta zintzo hori da Paca La Piraña. Paca berak bere burua antzezten duenez, ez ninduke harrituko gidoilariek berarekin onberatasun bat eduki izana. Baina nor ez da onbera izango Paca bezalako norbaitekin.

Spoilerra dator hemen: Pacak azkenean amore ematen du eta bihotza hausten dizun arren, ulertzekoa da. Cristina ez zegoen bere buruaz salbatzerik. Bueltak eman dizkiot gai horri. Zenbateraino garen batzutan beste baten Pacak. Zenbateraino garen geure buruen Cristinak. Noraino heltzen diren gure adiskidetasunen mugak, noiz utzi behar dugun maite ditugun horiek libreki autosuntsitzen. Zer da zaindua izan nahi ez duen norbaiten zaintzea. Bizitzen jarraitu ahal izateko hartu behar diren erabaki horiek hartzen ditugunean hiltzen zaigun horrek ez dakit zein izen duen. Bala batek pertsona bakarra hil dezakeela dakit. Baina pozoinak, pozoinak zure mahaiaren inguruan eseritako oro eraman dezake. Bakarrik uzten gaituen arte.