Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Niarena

Berria egunkarian argitaratutako artikulua

Kuriosoa da niaren zera hori. Zera deitzen diot, ez nagoelako ziur ezaugarria, afera, arazoa, edo jadanik erremediorik ez duen (beste) patologia apokaliptiko bat den. Niarena etengabeko metamorfosian dago, kamuflaje aldakorrean. Ustekabean harrapatzen zaitu. Desorduetan bisitatu. Konturatu orduko mozorro berri batekin sartu zaizu etxean, aldamenean eseri zaizu sofan, norbanakotasunaren konpainia eskaintzeko. Oso adi egon behar da niaren aurrean. Eta guztiok dakigu zein nekagarria den adi egotea.

Ez dakit noiz arte eta ez dakit oso ondo funtzionatzen ote duen ere, baina niaren zera detektatzeko alarma piztu egiten da oraindik. Aurreko astean bitan egin zuen. Bada zerbait.

Lehenengoa. Ez naiz Pixar etxeko marrazki bizidunen ikusle potentziala (ezta erreala ere) baina pelikula bat ateratzen den bakoitzean beti ematen du zeresana, irakurketa kulturalari edo transmititzen dituen baloreei dagokienean. Marrazki bizidun hauek helduengan dute bere xede publikoa neurri handi batean, azken finean haiek ordaintzen dituzte plataformaren harpidetza edo zinemarako sarrerak. Eta haur baten haserrealdia izan duten arren, helduak (eta gizonak, eta zuriak, eta heterosexualak) dira Turning Red, heldutasunerako bide konplikatuaren inguruko filmaren harira interneteko foro desberdinetan pelikulari nota eskasa jarri eta «ezin naiz hamahiru urteko neskato batekin identifikatu» idatzi dutenak. Antza denez, batzuentzat zailagoa da Toronton bizi eta Asiako jatorria duen neska batekin identifikatzea, hitz egiten duen auto gorri batekin baino. Kezkatzekoa hori. Eta kezkatzekoa fikziozko lanen kalitatea identifikazioaren eta norberaren esperientziaren arabera neurtzearena. Fikzioan, norbaitekin edo zerbaitekin identifikatzea ez da txarra berez. Nortasun ez hegemonikoen kasuan batez ere. Identifikatzean ez gara hain bakarrik sentitzen eta batzuetan, hori da behar duguna. Baina fikzioaren unibertsaltasuna horretara bakarrik mugatzen badugu, enpatiaren hegoak mozten badizkiogu identifikazioaren indibidualismoa bilatzeko orain eta beti, bi norabideetan (sortzaile eta hartzailearenean) emititzen den oso seinale txarra iruditzen zait.

Tamalez, fikziozko lanetatik haratago ere oso zabaldua dago «identifikatzen ez banaiz, ez zait interesatzen» paradigma hau. Pertsona zurien gerrengatik bakarrik arduratzera eramaten gaituen paradigma da. Ukrainako gerrak sortzen dizkigun sentipen askoren artean identifikazioa dago. Nia da hurbil ikusten duguna eta ez enpatiaren bestea, hala badirudi ere. «Ni bezalakoak» dira. Yemenekoak... ez hainbeste.

Pertsona zurien gerra bat da Ukrainarena baina, irakurri ahal izan diren hainbat analisiren arabera, badirudi Txina izan daitekeela bakea lortzeko giltzetako bat. Txinatarrek zer pentsatzen edo egingo duten jakitea zaila izan ohi da, eta horretan datza beraien indarretako bat, baina argi hitz egiten dutenean, oso argi hitz egiten dute ere. Eta argi eta garbi erantzun zien Lanxin Xiang geoestrategak La Vanguardia egunkarian Lluís Amiguet kazetariak egin zizkion galderei. Hala ere, behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zion tematuta zebilen kazetariari Putinen arrazoiak ulertzen zituela esatean, ez zuela Putinek egindakoa justifikatzen zuenik esan nahi. Kazetariak Xiangen nia bilatzen zuen bitartean, Xiang, ikuspegi bat emateko, bere burua erditik kentzen ari zen. Titular bat ateratzeko grina izan zitekeen, hau gure eguneroko eztabaidetan maiz gertatuko ez balitz. Gertatzen da. Deabruaren abokatuarena ez da ofizio nobleegia, baina beste norbaiten kausak ulertzea eta norbere burua haien ondorioekin lerrotzea ez da gauza bera. Analisirako gaitasuna gutxitzen du nahaste horrek, eta analisirik gabe, lerrotze hutsak nekez konpondu du inoiz ezer.

Niaren alarma, iratzargailu zaharren modura, susto desatseginak emateko gai da oraindik. Baina susmoa dut mekanismoaren ahuldadearen eraginez edo niaren hegemoniaren indarrez, funtzionatzeari utziko diola hauetako batean. Beldur naiz eta nahiko ziur.