Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Lotura ahulak

Berria egunkarian argitaratutako artikulua

Etxez aldatu behar izan nuen urte honen hasieran. Ia hogei urte eman ditut Donostiako Alde Zaharreko etxe desberdinetan bizitzen. Gaur egun donostiarrontzat jasangaitza, eta batez ere, amorragarria bilakatu den auzo horretan. Ia hogei urte asko dira leku batera ohitzeko eta are gehiago ni bezala errutinarioa baldin bazara, zeure erritualak baldin badituzu, zeure maniei eusten badiezu. Ia beti denda berean erosten nituen frutak eta berdurak, eta honela jakin nuen erosketa kobratzen zidan tipoak, bere jatorriko Marokora joan beharrean, nahiago zuela oporretan Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan bizi diren senide eta lagunak bisitatu. Duela urte eta erdi aita izan zela ere jakin nuen, lo egiteko nahiko lan bazutela bere emazteak eta berak, baina pozik zeudela hala ere, ondo moldatzen zirela. Auzoz aldatu nintzenetik ez dut berriz ikusi. Ez ginen lagunak, ez genuen elkarren izena ezagutzen ere, baina ia hogei urtean eraikitako «lotura ahulen» parte zen, etxe azpiko okindegikoak edo kalearen bueltan zegoen ile-apaintzailea bezalaxe.

Auzo berrira heldu eta gutxira jakin nuen lotura ahulena kontzeptu jakin bat zela. Inoiz azkarregiak izan ez diren kutxen eta auto-ordainketarako joeraren kontra, Herbehereetako supermerkatu batean jarritako kletskassa solastatzeko kutxaren harira Beatriz Serrano kazetariak idatzitako artikulu batean irakurri nuen. Mark S. Granovetter soziologo estatubatuarrak 1973an sortu zuen teoria bat da lotura ahulena. Gizartean askoz ere garrantzi handiagoa eman izan diogu lotura indartsuei, familia, bikote eta adiskideek osatzen duten zirkulu horiei, baina egia da egunerokotasunean lotura ahul hauek, sasi-ezezagunekin hitz batzuk trukatu ahal izateak, nolabaiteko oreka emozionala ahalbidetzen dutela. Egunean zehar dituzun solaskide bakarrak zure etxeko landareak eta telebistako albistegiko esataria direnean batez ere. Granovetterren teoriak lotura ahulek lan arloan duten eragina aipatzen zuen, baina niri askoz ere interesgarriagoak iruditzen zaizkit pertsonalagoak diren eremuak.

Bakarrik bizi ala ez, guztiok ditugu inorekin hitz egin nahi ez dugun egunak. Ez dut datu estatistikorik, baina ziurrenik oraindik gehiago dira norbaitekin bizi diren pertsonak bakarrik bizi direnak baino. Badutenak norekin hitz egin. Edo okerragoa dena, norbaitekin hitz egitera beharturik daudenak egunero. Granovetterrek aipatzen dituen familia eta lagunekin ematen diren lotura indartsu horiek astunak izan daitezke batzuetan, pisutsuegiak direla ez esatearren. Batzuetan igogailuko solas arin bat besterik ez dugu behar. Inora ez doan eta inolako eraginik izango ez duena.

50eko hamarkadako rock-and-rolla jartzen duen denetariko denda txiki batean egiten dut erosketa orain. Hilabete hauetan, bertako jabeak eta biok baratxuri freskoekiko adikzio bat partekatzen dugula jakin dut. Eta ez dela teknologiarekin oso trebea. Saskia oso gauza osasuntsuz bete ostean, azken momentuan gominola pakete bat hartzen ikusi ninduen aurreko batean. «Astearte horietako bat da», esan nion, eta berak ondo ulertu zuen zertaz ari nintzen, kalabazinak eta azenarioek nekez lortuko duten mundua azukre dosi batekin orekatzeko behar horretaz. Irribarre egin zuen eta kobratzen jarraitu zuen. Bestelako azalpenik eman gabe alde egin nuen dendatik ahoa bete gominola, orekatuago, gehiegi axolako ez zaion norbaiti garrantzi handirik ez duen zerbait bota ostean.

Ez dakit non egongo garen hemendik ia hogei urtera. Munduaren martxa honetan, ez dakit ia hogei urte gelditzen ote zaizkigun. Hala balitz, ziurrenik supermerkatu txiki bateko izoztuen armairuan burua sartuta ibiliko gara beste parrokiano batzuekin batera, haiekin eraikitako lotura ahuletan gure indarra aurkitu nahian. Dagoen eta datorren panoramarekin, non bestela.