Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Erabaki kateak

Berria egunkarian argitaratutako artikulua

Ia hogeita hamabost urte igaro dira. Gezurra dirudi, hain iltzaturik gelditu zitzaidan irudia. Orduz geroztik, noizean behin burura etorri zaidan trauma moduko bat da. Bakoitzak bere fantasmak ditu eta hori dira Challenger-aren tripulaziokoak niretzat. Orain Netflixek lau ataleko dokumental on bat atera berri du gaiaren inguruan, eta hemen dut trauma bueltan. Eta hemen ditut mamuak. Michael J. Smith, Dick Scobee, Ronald McNair, Ellison Onizuka, Christa McAuliffe, Gregory Jarvis, Judith Resnik.

Espaziorako lasterketaren leku mediatikoa kirolak eta reality-ek hartu duten garai honetan, ez dut uste ia inork astronauta izan nahi duenik, mutil (ia inoiz ez neska, ia inoiz ez beltz) ameslari bat deskribatzeko topikoa den arren. Christa McAuliffek, aldiz, ilargira autobusez joatearekin egiten zuen amets 60ko hamarkadan bizi izan zuen haurtzaroan. Institutuko irakasle lanetan zebilen Reagan-ek gaur bekainak altxatuko lizkigukeen zerbait erabaki zuenean: gizartean zuten garrantzia azpimarratzeko, espaziora bidaliko zuten lehenengo «pertsona arrunta» irakasle bat izatea. Hamaika mila eskaeren artean McAuliffena aukeratu zuten.

Autobus espaziala hartzeko ordua zen, andereño.

Familiaren presioak bultzatuko zuen agian Judith Resnik pianoa alboratu eta ingeniaritza ikastera. Bere buruari ezarritako presioak, espaziora salto egiten zuen AEB-etako lehenengo emakumea izateko lehian sartzera bultzatu zuen. Galdu egin zuen. Urte batzuk beranduago, Discovery-tik «kaixo, aita» zioen kartel bat heltzen ari zen.

«Kaixo, Judith» erantzungo al zion bueltan? Bigarrena izan arren harro egongo ote zen?

Ronald McNair haur afro-amerikarrak Hego Carolinako liburutegi segregatu batetik liburuak maileguan hartzeko debekuari aurre egin zion. Liburutegiak bere izena dauka gaur. Irakurketa haietatik NASArako bidea ez zen samurra izango. Gauza askotan bikaina zen McNair, karateko gerriko beltza eta saxofoi-jolea tartean. Jean Michel Jarre-rekin batera konposaturiko solo bat jotzekoa zen espazioan.

Pieza horrek ere bere izena darama gaur: Ron's piece.

Mamuak mamu izan baino lehen zer ziren berrikustea komeni da, gertakariek eragindako tristura eta amorrua handiagoa egiten badu ere.

Challenger-arekin batera ametsak, bizitzak, burdina eta kableak baino gehiago lehertu zen eta oraindik min ematen du, min ematen dio NASAri ere, erakundearen presio, arazo ekonomiko, politiko eta etikoen erruz gertatu zelako (2003ko Columbia transbordadorearen desastrea ere antzeko arazoen ondorio izan zelakoan nago, baina hori beste baterako).

1977tik bazekiten tenperatura hotzekin aireratzeak ondorio latzak ekar zitzakeela. Zati jakin batzuk sortu eta haien mantentzeaz arduratzen zen Morton-Thiokol enpresak bere kezka azaldu zuen behin baino gehiagotan. Zer egin zuen NASAk? Kasu hauetan enpresa eta erakunde askotan egiten dena: kasurik ez.

Challenger-a jasateko gai ez zen hotza egiten zuen urtarrilean Floridako Kennedy Center-ean. Morton-Thiokoleko eta NASAko hainbat aditu saiatu ziren, bi orduko dei batean, NASAko ingeniaritza buruak tenperatura horrekin aireratzea oso ideia txarra zela konbentzitzen. Zer egin zuen NASAk? Kasu hauetan enpresa eta erakunde askotan egiten dena: kasurik ez.

Azken erabakia kudeatzaileen artean hartu zen, denok dakigulako aurretik hartu den erabaki batekin aurrera egin nahi denean, zein petral eta astuna izan daitekeen asko dakien jendearekin biltzea. Kudeatzaileen argi berdea jaso zuen oso bestelako ikuskizun mediatiko bat izan nahi izan zuen Challenger-aren desastreak.

Istripu hau erabaki kateen hutsegite etiko gisa irakasten da unibertsitate eta kudeaketa eskoletan. Gaur egungo aginte kateen erabakiak ikusita, argi dago irakasteak ez duela ikastea ekartzen. Egunero ikusten dugu segurtasuna beste helburu batzuen bigarren planoan desagertzen. Egunero, gizakia presiopean erabaki terribleak hartzen. Presiopean hazten denik egongo da. Baina susmoa dut zuhurtziagabe eta miserableagoak egiten gaituela gehienetan, mamuz betez guztia.