Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Suizidioa eta ikigaia

Suizidioaren ideiarekin dudan harremana aspaldi hasi zen, ikasle pisuan nintzela. Nire gelak patio batera ematen zuen eta goiz batean, egunero bezala aireatzeko leihoa ireki nuenean, odol arrastoak ikusi nituen patioko zoruan. Pareko etxeko semea bere buruaz beste egin zuen ni lotan nengoen bitartean. Askotan pentsatu dut kasualitateak salto egin aurreko segundu hartan leihoaren aldamenean harrapatu izan banindu, zer. Zer esan. Zer egin. Gehienetan "ez dakit", etorri zait burura. Gehiegitan.

Norbaitek gizakiok geure buruarekin dugun hitzarmen oinarrizkoena, biziraute senaren hitzarmena haustearen aurrean, zer esan, zer egin. Ez dut inoiz jakin. Eta nolabait, errudun sentitzen naiz horregatik, ala frustratu, ez nago ziur, haustura horri korapilo bat egiteko aukerarik ez dudalako izan eta ezin izan dudalako bizitzea merezi duen bizitzara batera lotu ezagutu dudan bere buruaz beste egin duen inor.

Ez patioko mutila. Ez irakaslea. Ez bizilaguna. Ezta tabernari hura ere.

Ez nintzen egon. Eta egon izan banintz, zer. Eta gogorragoa dena, egon zirenak, saiatu zirenak, zer. Min gordin bat. Erren sentitzen naiz orain idaztean baina hau guztia maiz etorri da nigana. Konponbidearen hitz egokia aurkitzeko gai ez den mutua eta laguntzaren entzumena galdu duen gorraren garrasiaren aurrean. Eta berriz bueltatu da azkenaldian. Alde batetik, desjabetzeen harira gaurkotasunera ekarri delako suizidioa (batzutan modu nahiko baldar eta banalean, nire ustez), beti hor egon den tabu isila. Bestetik, heriotzari buruz idazteko joera dudalako. Eta azkenik, duela aste batzuk aurkitu nuen Pieter Ten Hoopen-en "Japan, Suicide Forest" japoniarrek beren buruaz beste egitera doazen Aokigahara basoko argazkiak itsatsirik gelditu zaizkidalako. Argazkiak eta istorioa. Ten Hoopenen begirunea eta iradokitzen duen minaren indarra. Azusa Hayanoren gidaren saiakera hara joaten direnen ideia burutik kentzeko. Garaipenak eta etsipenak.

Joshua Zucker-ek ere filmatu zuen Aokigharako giro ilun, euritsu, gris, ederra.

Japoniarrek suizidio tasa altuenetakoa dute. Baina badute ere hitz bat: Ikigai. "Izateko arrazoia" kontzeptua jasotzen duen hitz bat edukitzeak, ideia hori beraientzat zenbateraino den garrantzitsua adierazten du. Zenbateraino diren garrantzitsuak norberak bere buruarekin duen bizirautearen hitzarmena ez hausteko.

Ikigaiarena kontzeptu sakonagoa da baina Woody Allen-en Manhattan filmeko eszena onenetakoa (New York korrika zeharkatzen duen horrekin batera) ekarri dit gogora. Bizirik jarraitzeko arrazoiak magnetofoi batean jasotzen dituena. Groucho Marx, Mozart-en Jupiter Sifoniaren bigarren mugimendua, Tracy-ren aurpegia... Horiek dira Allenen pertsonaiaren ikigaiak. Azalekoak badira ere, bere bizitza bizitzea merezi duen zerbait egiten dutenak.

Nireak zerrendatu behar ditut.