Samuraitasuna

Gizartea, teknologia, politika, kultura.

Eztabaida antzu eta lerdoak

Eztabaida antzu eta lerdo xamarrak modan omen daude. Nork sortzen dituen eta zein interes ezkutatzen diren sortze horretan, ez dakit. Baina nire uste xumea da norbaitek etekina atera nahi diela. Aste honetan bertan bi ikusi ditut nire muturren aurrean, baina ziur beste asko ere gertatzen direla, egunero, ni konturatu gabe.

Asteko lehenengo eztabaida antzu eta lerdoa gure legebiltzarretik etorri da zuzenean. Espainiako selekzioa Euskal Herriko zelaietan jokatu ahal izateko proposamena bozkatu zuten gure legebiltzarkideek,  "la roja"-k  Maradonaren Argentinari irabazi ostean (a ze arribista, ez zuten hori bozkatuko Koreako mundialean kanporatu zutenean). Niri bost axola zait Mendizorrotzan, Anoetan ala San Mamesen jokatzen badute edo ez. Ekipo oso ona da eta zoragarri jokatzen du. Futbol ikuskizun polita. Baina legebiltzarkide maiteak, selekzioaren gonbidapena klubek egiten dute. Orain, eta EAJ gobernatzen zuenean. Hemen, eta Murtzian. Ez gaitezen Espainia baino espainolagoa izaten saiatu. Erridikulua egiten bukatzen dugulako "normaltasunaren" izenean. Badago herri honetan gauza garrantzitsuagorik eztabaidatzeko. Eta herri xumeak eskertuko dizue legebiltzarrean igarotzen duzuen denboran, gai horiek aurrera ateratzen saiatzen bazarete. Herri hontan badagoelako zer konpondu. Eta ez du ez futbolarekin, ez antolaketa pribatu bat duen Espainiako Vuelta-rekin zerikusirik. Benetan.

Eta asteko bigarren eztabaida antzu eta lerdoa, desproposito bat den zerrenda batek ekarri du. Zerrenda horrek euskara jartzen du munduko hizkuntza zailenen top 1-ean. Ene. Zerrenda horrek ez du ez hankarik ez bururik niretzat. Ez dudalako uste hizkuntza baten zailtasuna modu objektibo batan neurtu ahal denik. Norberak bere hizkuntzatik neurtzen dituelako besteak. Ama hizkuntzak bere buruaren konfigurazioan eta mundua ikusteko moduan isla duelako. Hori abiaburutzat hartuz, zerrendak ez du inolako baliorik. Urteko pertsona eleganteena hautatzea baino balio handiagorik ez behintzat. Eta motibazioaren auzia heldu da, eta batzuk bai, zailena dela diote eta besteek ezetz, ez dela. Eta komunikabideetan agertzen da gainera. Eta nik diodana da, eztabaida honek ez luke existitu ere egin beharko, ez baitago hizkuntzekin ranking bat egiteko inolako funtsik. Antzua eta lerdoa, hau ere.

Herri santu honek gero eta antzu eta lerdoagoa bilakatzen nau. Aurretik ere aski antzu eta lerdoa izango ez banintz...